Quantcast
Channel: Arkitektura adaxkak » Ondare industriala
Viewing all articles
Browse latest Browse all 3

Industriaren hilotzak

0
0

Energiak gure mundua mugiarazten du, eta forma ematen dio, sarri, gure arkitekturari. Arkitektura, zenbaitetan, energiaren ondorio da, besteetan biktima, edota energiak sortutako hilotza.

Gure kostaldean badira hainbat hilotz; Lemoizko itsaslabarrean, hormigoizko kubo erraldoiek paradigma energetiko zaharkitu baten testigantza ematen dute; Zorrotzaurreko penintsulan, bertan behera utzitako industriak beren ordua noiz helduko zain daude, esperoan.

txiki_hilotzak

Ondare industriala energia jakin baten ustiaketaren hilotza da; ikatzaren indusketa dela, burdinaren bilaketa edo petrolioaren zoramena dela… Munduan zehar pilatzen diren plataforma, meategi, faktoria, fabrika eta azpiegitura titanikoak aurreko iraultza teknologikoaren hilotzak dira.

Kasurik hoberenean, hilotzok modu paregabean kudeatzen dira, eta bigarren bizialdi luze bat ematen zaie. Tarteko egoera batean, industria bertan behera eraitsiko dute, eta aspaldiko tximinia altua lekuko utzi, testigantza mutu eta koldar. Horrela gertatu da maiz, halako fabrika konpontzearen eta birgaitzearen prezioak operazio ekonomikoa kolokan jartzen zuen bakoitzean.

Hilotza batzuk literalak dira, energiaren erabilpenaren arriskuaren adibide. Fukushimako istripua jazo baino lehen, Chernobyleko istripuaren biktima izan zen Prypjat hiria genuen arkitektura eta energiak talka egitean sortzen diren hilerri horien erakusle nagusi; sobietar konstruktibistek planifikatutako kale perfektuak agertzen dira egun Prypjaten, eta ez dago perfekzio hori apurtuko duen izaki bizidunik.

Berpiztutako hilotzak daude, halaber: IBA (Internationale Bauasusstellung) Emscher Park ekimena Alemaniako Ruhr lurralde industrialean gauzatutako lurralde eraldaketa da. 1989 eta 1999 urteren bitartean gauzatu zen eraldaketa hori, 80 herritan zehar zabaltzen zen lurralde industrializatu batean parke erraldoi bat eraiki zenean. Parke horrek ziztada ekonomikoa eta soziala ekarri zuen Rhur lurraldearentzat, Bilbon Guggenheim museoak bezala.

Emscher parkean «land art» edo paisaiagintzak berebiziko garrantzia hartzen du. Parkearen izaera ez zen etorri paisaiagintza klasikotik soilik: ibaiaren ingurugiro birgaiketa gauzatu zen, paisaiagintzaren berreskurapena eta ondare industrialaren errekonozimendua. Horrela, parkea ez zen, ohi bezala, «muga» gisa ulertu, «osotasun» moduan baizik.

Hilotz batentzako berpizkundea, beste hamaika hilzorian badira ere. Ezin ahaztu Lemoizko zentrala, itsaslabarrak zaintzen dituzten porlanezko cromlechak. Energiaren alde iluna. Ezin ukatu, ezta ere, harritzar artifizial horiek duten lilura atabikoa, garai bateko gaztelu baten ondarea balira bezala. Baina, bigarren aukera bat izango al dute inoiz, edo giza zoramenaren testigantza gisa utzi beharko ditugu?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea


Viewing all articles
Browse latest Browse all 3